ATERPETUAK

Ochodoscuatro etxeak 2015. urtean argitaratu zuen Aitor Garmendia/Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburuaren lehendabiziko edizioa. Bigarrena ere kalean da. Lanaren mezuak oihartzun handia izan du, eta mugarri bilakatu du antiespezismoari buruzko liburu artean. Horregatik, NOR Euskal Herria Antiespezistak euskaraz eman nahi izan du.

Aitor Garmendia/Tras Los Muros fotokazetariak Madrilgo Wings of Heart babeslekuan ezagututako animaliak dira liburuko protagonista. Haztegietan zirenean, animalia horiek objektu huts ziren. Zain zuten patuari ihes egitea lortu dute guztiek; hiltegia zuten zain, baina salbatu eta Wings of Heart babeslekura ailegatu dira, eta han, norbanako bilakatu. Argazkien eta testuen bidez, Aitor Garmendia/Tras Los Muros-ek norbanako horien esperientziak, emozioak eta bizipenak jarri ditu mahai gainean.

Liburuan, sentitzeko gai diren animalien interesak nabarmentzen dira, batetik, eta ikusten da nolakoa den egunerokoa gizakiek zapaldutako animaliak aterpetu eta zaintzen dituzten babeslekuetan. Animalion ongizatea da lehentasuna babeslekuotan, eta haiekin hartzen duten konpromisoa, ondorioz, bizitza guztirakoa. Bestetik, liburuan agerian geratzen dira gainerako animaliak erabiltzen eta zapaltzen dituen industriaren eragina eta baliatzen dituen animaliongan dituen ondorioak. Eta ez dira gutxi. Industriaren helburu bakarra da ahalik eta etekinik handiena lortzea ahalik eta preziorik merkeenean. Askotan, haztegientzat edo hiltegientzat “errazagoa” eta “merkeagoa” da gaixo diren animaliak hiltzea osatzen saiatzea baino. Haztegia eta hiltegia atzean utzi dituzten animaliek bizitza osorako osasun arazoak izaten dituzte, askotan garaiz artatu ez dituztelako, edo osasun arazo horiek berezko dituztelako, errentagarriago bilakatzeko hautaketa genetikoaren ondorioz. Babeslekuetan errespetua eta behar duten zaintza jasotzen badituzte ere, arreta hori ez da beti nahikoa.

Aterpetuak liburuak modu argi eta zuzen batean kontatzen du nolakoa den babeslekuetan aterpea lortu duten animalion egunerokoa; haien nortasuna agerian gelditzen da, bai eta askatasunaz eta erakusten dieten errespetuaz gozatzeko duten modua ere. Atzean utzi dituzte haztegietako eta hiltegietako harresiak. Aitor Garmendia/Tras Los Muros-en lanak barruan gelditu direnen berri ere ematen du. Ez da erraza harresien beste alde horretan gertatzen dena ezagutzea. Baina, Aterpetuak liburuarekin, egileak pitzadura bat egin du horman. Orain, euskaraz irakur daiteke ikusitako hori jasotzen duen liburua.

Antiespezismoa euskaraz

Hiltegiak Euskal Herrian

Baserri zein haztegi handitan, gizakiok erabakitzen dugu zapaltzen ditugun beste animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren. Denek dute patu bera zain: hiltegia.

Gurean

Askekintzaren Euskal Herriko festen inguruko dokumentala online ikusgai. DVDa Nor-en dendan izango da eskuragarri laster.